XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

TESTU ZAHARRERI BEGIRA.

Ez dakit herririk izango den munduan bertako hizkuntza baliatu nahiaz ibili eta bertako literatura zaharrari euskaldunok baino jaramon gutiago egin dionik.

Behintzat, oso guti baliatu gara gure autore zaharrez.

Orain, hutsarte hau betetzeko bideetatik abiatu garela dirudi.

Alde batetik Hordago argitaletxea klasikoen sailarekin eta bestetik Euskaltzaindia lekukoenekin, beren joera hau mantentzen baldin badute, urte guti barru bestelako ikuspegi batez begiratuko ditugu euskal literaturaren testu zaharrak.

Aipatzen dudan lekukoen saila Apezetxeak ideki zuen Lizarraga Elkanokoaren azter-lanez.

Testu zaharrak haintzat ez hartzearen adibide ederra dugu idazle nafar honen obra, gehiena esku-izkribuz zenbait liburu eta liburuxkatan Iruñako Mintegian gordeta.

Baina, liburu itxiak ez dio inori ezer erakusten.

Lizarraga Elkanokoaren liburu argitara gabeak lehendik asko zirelarik, hara hor Fermin Ixurkok non aurkitu digun beste bat; Euskaltzaindiko azken batzarrean eman zigun bedonen berri.

Badakigu garai batzuetako literatura ez dela irakurgai bezala hain atsegina, baina hala ere gure hizkuntza idatziaren lekuko da, garai bakoitzeko giroaren adierazgarri.

Beraz, gizarte historiaren lekuko.

Lizarraga Elkanokoa (1748-1835) eta Agirre Asteasukoa (1742-1823) garai eta giro berdineko autoreak ditugu.

Jansenismo kutsua oraindik zeharo baztertu gabe zegoen garaikoak, baina Frantsiako iraultza eta hemengo kontrairaultzaren artean bizituak.

Askorentzat euskaldunon hertsitasun eta konserbadore joeraren ondorioak dira.

Garai berean inguruko herriak libreago izan balitz bezala.

Baina Joxe Azurmendik ongi gogorazten digu bertsolaritzari buruz argitara berri duen lan batean (ikus Jakin, 14-15, 146. orrialdean) Agirre Asteasukoak dionaz: .

Egileak berak lege horren erreferentzia ere egiten digu.

Edonork ikus dezakeanez, lege hori ez zen hemengo hertsitasunetik sortua; baina horren arabera aurkituko ditugu garai hartako elizgizonen lanak eta pekaturik gabe bizitzeko nola ibili behar zenaren exenpluak ordena berekoak ziren.

Hoiek, garaian garaiko era ulertuaz, orduko giroa erakusten diguten neurri berean gure historiarako agiriak eskaintzen dizkigute eta hizkuntzaren erabilkerazko lekukotasuna ere bai.

Exenplu on horietariko bat Ixurkok Lizarragaren lanean hatzemana, karramarroaren anekdota da.